XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

B. LURREKO TOKI BAT AURKITZEN

Marrak

Lurrazalean toki bat aurkitzeko orduan, pertsonok plano eta mapetan agertzen diren marra batzuk imajinatzen ditugu; marra hauek ustezko marrak dira:

Lurraren ardatza.

Lurraren erditik igarotzen den marra da eta honen inguruan ari da mundua biraka.

Lurraren bi muturrak Hego Poloa eta Ipar Poloa deitzen dira.

Paraleloak.

Esfera atal ezberdinetan banatzen dituzten zirkunferentziak dira.

Neurri ezberdinetakoak dira eta ez dira sekula eteten.

Hauetako batek Lurra bi zatitan banatzen du: Ekuadorea da.

Meridianoak.

Lur bola atal ezberdinetan banatzen dituzten zirkunferentziak dira eta Ipar eta Hego Poloetan eteten dira.

Lurraren mugimenduak

Lurra espazioan zehar mugitzen da.

Bi mugimendu egiten ditu:

Errotazio mugimendua.

Lurrak bere baitan ematen ditu birak.

Bere ardatzaren inguruan errotazio osoa egiteko 24 ordu ematen ditu.

Aldi honi eguna deituko diogu.

Traslazio mugimendua.

Lurrak Eguzkiaren inguruan ematen ditu birak.

Azken mugimendu hau egiteko Lurrak 365 egun eta 6 ordu ematen ditu.

Aldi honi urtea deituko diogu.

Lurrak bola itxura du.

Horregatik Eguzkiak lurrazalaren erdia baino ez du argitzen, orduan eguna izango da eta ilun dagoen tokian gaua.

Paralelo eta meridianoek lur bola zatitzen dute.

Meridianoak Iparraldetik Hegoaldera doaz eta paraleloak Ekialdetik Mendebaldera.

ARIKETAK

1. Egiaztatu paraleloak txikitu egiten direla Ekuadoretik Poloetara pasatzean.

Bila ezazu paralelorik handiena. Zein izen du?

2. Azaldu zure koadernoan bi esaldi hauetatik zein den zuzena:

- Meridianoek Eki-Mendebala adierazten dute.

- Meridianoek Ipar Hegoa adierazten dute.